XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

besoak, altxatzen eta jaisten, agian negar eragingo zion, eta haren ahotsak dardarak eragingo zizkion; hala ere aita ezin izango zen inoiz erabateko garaile, Johnek bere aitak ezin uler zezakeen zerbait gordetzen baitzuen amoltsuki.

Bere gorrotoa eta argitasuna gordetzen zituen, batak bestea abiarazten zuelarik.

Irrikitan zegoen aitaren heriotzaren eguna iristeko berak, Johnek, aita herio-ohean zegoela madarikatzeko.

Eta horregatik gertatzen zen, nahiz eta fedean jaioa izan, eta bizitza osoa santuez eta haien otoitzez eta alaitasunaz inguratuta eman, nahiz Jainkoa gurtzen zuten tabernakuloa beretzat askoz errealagoa izan bera eta bere familia bizi izandako etxe kaskarrak baino, Johnen bihotza gogortuta zegoela Jaunaren aurka.

Aita Jainkoaren ministro zuen, Zeruko Erregearen enbaxadore, eta John ezin zen graziaren tronu aurrean makurtu lehenik aitaren aurrean belaunikatu gabe.

Hori egiteko errefusaren mendean zegoen bere bizitza, eta Johnen bihotz ezkutua gaiztotasun hartan loratu zen, bekatu hark ezustean harrapatu zuen eguna arte.

Gogoeta hauen guztien erdian berriro lokartu zen, eta oraingoan esnatu eta ohetik irten zenerako aita lantegira joana zen, bertan egun erdiko lana egitera.

Roy sukaldean zegoen eserita, amarekin liskarrean.

Ruth txikia aulki garaian eserita zegoen, bertako mahaitxoa olo-ahiaz estalitako koilaraz kolpatuz.

Hark esan nahi zuen umore onean zegoela; ez zuela eguna garrasika emango, berak bakarrik ezagutzen zituen arrazoiengatik, amari ez beste inori ukitzen utzi gabe.

Sara isilik zegoen, gaur ez zen berriketan ari, ez oraindik behintzat, eta sutegi ondoan zegoen zutik, besoak antxumaturik, Royri tinko begira hainbeste zahartzen zuten begi hits beltz haietaz, aitaren begiez.

Beren ama, ilea zapi zahar batez buru gainera bilduta, kafea zurrupatzen ari zen Royri begira.